Skip to main content
01

Verduras y hortalizas de la A a la Z:

Brokolia

Brécol :: Bitxikeriak eta nola prestatu

Bitxikeriak eta nola prestatu

Bitxikeriak

Ikerketa-ildo berriak: Johns Hopkins Unibertsitateko (Estatu Batuak) eta Frantziako Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionaleko ikertzaileek egindako ikerketa baten arabera, Helicobacter Pilori bakterioa desagerraraz liteke sulforafanoa duten barazkiak janez gero. Sulforafanoa kontzentrazio handietan dagoen konposatu naturala da brokolian. Bakterio honek urdaileko ultzera gehienak eragiten ditu, baita urdaileko tumore gehienak ere.

"In vitro" (organismotik kanpo) eta saguetan eginiko esperimentuek frogatu dutenez, sulforafanoa oso konposatu eraginkorra da bakterioa suntsitzeko.

Aurkikuntzek esperimentu klinikoak eragin ditzakete, eta horietan ikusiko da elementu hori duten barazkiak dietan sartzeak infekzioa eta minbizi-arriskua arintzen dituen.

Nola prestatu

Brokolia kontsumitzeko ohiko modua egosia da, bakarrik edo beste barazki batzuekin batera, nahiz eta gordinik ere jan daitekeen. Azalorearen prestaketa berberak onartzen ditu, hau da, baratxuri eta barazkiekin salteatua, urdaiazpiko zatiekin, piperrauts gozo edo minarekin, bexamelez estalia eta labean gainerreta...

Lurrunetan prestatzen bada edo egostean ahalik eta ur gutxien erabiltzen bada, nabarmen murrizten da substantzia nutritiboen galera.

Brokolia prestatzerakoan, ur-zorrotadaren azpian garbitzea komeni da, uretan sartu ordez. Horrela, nutrienteen galera saihesten da. Zurtoinak zuntz asko du, beraz, jan behar bada zuritzea gomendatzen da. Sortak neurri uniformeetan banatzen edo mozten dira, aldi berean kozinatu daitezen. Egosteko orduan, lehenik zurtoinak minutu batzuez irakin ondoren, adartxoak gehitu eta, azkenik, hostoak.

Brokolia luzaroegi prestatzen bada usain sarkorra botako du, berde ilun kolorekoa jarriko da, bitaminak galduko ditu, bereziki C bitamina eta mineral batzuk egosketa-uretan disolbatuko dira, beraz salda aprobetxatu eta bere horretan hartzea komeni da edo beste plater batzuk egiteko erabiltzea.

Lurrunetan egostea edo hiruzpalau minutuz egostea da bere ezaugarriak kontserbatzeko modurik onena. Prestatutako brokoliak berde distiratsua izan behar du eta "al dente" egon behar du.

Barazki horren zurtoin berdeak zainzuriak bezala presta daitezke, ozpin-saltsa edo maionesa pixka batekin onduta. Zopak eta pureak egiteko ere erabil daitezke.