Skip to main content
01

Verduras y hortalizas de la A a la Z:

Brokolia

Brécol :: Osasunari dagokionez

Osasunari dagokionez

Brokoliaren kontsumoak gora egin du, osasunari mesede handia egiten diola aitortu ondoren.

Gaixotasunen prebentzioa

Oro har, azaren familiako barazkiek izaten dute C bitamina eta azido zitriko gehien, eta bitamina horren eragin mesedegarria areagotzen dute. Gainera, antioxidatzaile naturalen iturri bikaintzat jotzen dira.

Antioxidatzaileek "erradikal askeen" eragin kaltegarria blokeatzen dute. Oxigenoa dagoenean arnastea funtsezkoa da gure organismoko zelulen bizitzan, baina horren ondorioz molekula batzuk sortzen dira, erradikal askeak, eta bizitzan zehar osasunerako ondorio negatiboak eragiten dituzte, DNA (geneak), proteinak eta lipidoak edo gantzak aldatzeko duten gaitasunaren bidez. Gure gorputzean etengabe berritzen diren zelulak daude (azalekoak, hesteetakoak...) eta baita etengabe berritzen ez direnak ere (gibeleko zelulak...). Urteen poderioz, erradikal askeek handitu egiten dute lehenengoen gainean alterazio genetikoak gertatzeko arriskua, eta horrek minbizia garatzeko bidea eman dezake, edo, bestela, bigarrenen funtzionaltasuna murrizten dute, eta hori da zahartze-prozesuaren ezaugarria.

Erradikal askeen ekoizpena areagotzen duten egoerak daude. Hona hemen horietako batzuk: ariketa fisiko bizia, ingurumen-kutsadura, tabakismoa, infekzioak, estresa, gantz ugariko dietak eta eguzkitan luzaro egotea. Beste alde batetik, antioxidatzaileen eta gaixotasun kardiobaskularren prebentzioaren arteko harremana hainbat ikerketa zientifikok sostengatzen dute. Jakina denez, "kolesterol txarra" (LDL-c) deritzonaren aldaketak funtsezko eginkizuna betetzen du, bai aterosklerosiaren hasieran, bai garapenean. Antioxidatzaileek kolesterol txarra aldarazten duten erradikal askeak blokeatzen dituzte eta, horrela, arrisku kardiobaskular eta zerebrobaskularra murrizten laguntzen dute. Bestalde, antioxidatzaile gutxi izatea arriskutsua da minbizi mota batzuentzat eta endekapenezko gaixotasunentzat.

Brokoliari, zehazki, hainbat minbizi-motaren aurkako babesa ematen dio: biriketakoa, prostatakoa, bularrekoa, endometriokoa edo umetokikoa, bai eta traktu gastrointestinalarekin lotutako tumoreak ere (urdaila, gibela, kolona). Dirudienez, mantenugai antioxidatzaile (C bitamina, beta-karotenoak eta E bitamina) eta fitokimiko (glukosinolatoak, isotiozianatoak eta indolak) ugari dituelako gertatzen da hori; horien artean, sulforafanoa (isotiozianatoa) eta indol-3-karbinola (indola) nabarmentzen dira. Horiek guztiek zenbait entzimaren jarduera areagotzen dute, eta entzima horien eginkizuna organismo kantzerigenoak desagerraraztea edo horien ekintza blokeatzea da. Era berean, badakigu indolek eta, zehazki, indol-3-karbinolak estrogenoen metabolismoan esku hartzen dutela, eta, beraz, konposatu horrek bularreko minbiziaren (hormona-mendeko minbiziaren) prebentzioan izan dezakeen rola ikertzen da.

Brokoliak kerzetina ere badu, hanturaren kontrako gisa jokatzen duen flavonoidea, eta dirudienez minbizi mota batzuen hazkuntza murrizten du.

Bestetik, beta-karotenoak eta C bitamina ugari izateak lagundu egiten du sistema immuneak ongi funtziona dezan eta endekapenezko gaixotasunak eta gaixotasun kardiobaskularrak prebeni daitezen.

Brokolia luteina gehien duen barazkietako bat da, A probitamina jarduerarik ez duen karotenoa. Substantzia hori ugaria da giza begiaren hainbat ataletan, eta adineko kataraten garapenaren aurkako babesle gisa jarduten du. Gainera, odoleko luteina-maila trastorno kardiobaskularrak izateko arriskua gutxitzearekin lotu izan da.

Karotenoideak oso sentikorrak dira oxigenoarekiko eta argiarekiko, eta egonkorrak dira beroarekiko. Horregatik, konposatu antioxidatzaile horiek kontserbatzen ditu brokoli egosiak.

Emakume haurdunak eta haurrak

Bere folato eduki bikainagatik, haurdun dagoen emakumearen dietan kontuan hartu beharreko barazkiak dira brokolia. Haurdunaldiko lehen asteetan bitamina horren gabeziak etorkizuneko haurrarengan hodi neuralaren akatsak eragin ditzake, hala nola arantza bifidoa edo anentzefalia.

Bestalde, emakumeen aho bidezko antisorgailuek folatoaren eskuragarritasuna murrizten dute, eta, beraz, horiek hartzen dituzten emakumeek bitamina horren ekarpen dietetikoa aztertu behar dute, gabeziak saihesteko.

Hazten ari diren haurrek ere folato gehiago behar izaten dituzte. Hori dela eta, ohiko elikaduran hosto berdeko barazkiak sartzea hutsuneei aurrea hartzeko modu baliagarria da. Folatoen urritasunak anemia megaloblastikoa ekar dezake.

Folatoak beroarekiko sentikorrak direnez, barazki hori egostean nutriente horren kantitate handia galtzen da.

Gehiegizko pisua

Ur asko daukanez eta energi eduki urria daukanez, pisua kontrolatzeko dietak egiteko garaian barazki gomendagarria da brokolia, hori bai, egoste metodoaren eta ongarrien arabera. Gainera, zuntz asko duenez, asetasun-sentsazioa sortzen du, eta gosea gutxitzen du, oso baliagarria egoera horretan.

Diuretiko eta laxante ahaltsua

Brokoliaren eragin diuretikoa ur eta potasio asko eta sodio gutxi izatean datza. Brokolia kontsumitzeak organismoko gehiegizko likidoak kanporatzen laguntzen du, eta onuragarria da hipertentsioa, likido-erretentzioa eta oliguria (gernu-ekoizpen urria) gertatzen direnean. Gernua ekoiztean, likidoez gain, bertan disolbatutako hondakin-substantziak ere ezabatzen dira, hala nola azido urikoa, urea, etab. Hori dela eta, hiperurizemia eta hezueria dutenei ere komeni zaie, baita giltzurrunetako kalkuluak egiteko joera dutenei ere.

Zuntz asko duenez, ezaugarri laxanteak ditu. Zuntzak idorreria prebenitzen edo hobetzen du, odoleko kolesterol-tasak murrizten laguntzen du eta gluzemia ondo kontrolatzen laguntzen du diabetesa duten pertsonen artean.

Flatulentzia

Bere osaeragatik osasunarentzat onuragarriak diren hainbat efektu izan arren, pertsona jakin batzuentzat desiragarriak ez diren ondorioak izan ditzake. Zuntzak eta sufre-konposatu ugariek eragiten dute pertsona askok duten flatulentzia eta brokolia digeritzeko zailtasuna. Hori dela eta, digestio-arazoak dituztenen dietan ez da aholkatzen, baina ez da hain haizetsua izaten entsaladan hartuz gero edo kuminoz edo mihiluz egosiz gero. Otordua amaitzeko, belar karminatiboen infusioa egin daiteke, gasei aurre egiteko: kamamila, anis berdea, menta-poleoa, mihilua edo mendafina.

Gordinik, barazki honek sufre-konposatu ugari ditu, eta horiek giltzurrun-ehuna narrita dezakete. Hori dela eta, giltzurrunetako arazoak dituzten pertsonek ez dezatela horrela jan gomendatzen da.

Tiroide-guruinaren alterazioak

Kruziferoek konposatu bozogenoak dituzte, zapore min arina eta lurrina eragiten dutenak. Elementu horiek iodoaren xurgapena eta erabilera blokeatzeko gaitasuna dute, eta, beraz, tiroide-guruinaren jarduera geldiarazten dute. Substantzia horiek brokoli gordina birrintzean edo mastekatzean askatzen den entzima baten eraginez sortzen dira, eta hori ez da gertatzen brokolia egostean. Brokolian dagoen substantzia antitiroideoak bozioa eragiteko aukera gutxi dagoen arren, badaezpada ere, genero bereko barazkiak (aza edo azaburua, azalorea, Bruselako azak), gordinik, maiz ez jatea gomendatzen da, hipotiroidismoa izanez gero.