Skip to main content
01

Verduras y hortalizas de la A a la Z:

Piperrak

Pimiento :: Osasunari dagokionez

Osasunari dagokionez

Gehiegizko pisua

Piperrak ur asko eta kaloria gutxi dituenez, pisuak kontrolatzeko dietak egiteko orduan kontuan hartu beharreko elikagaiak dira, betiere piperrak prestatzeko metodo egokiena erabiltzen bada. Gainera, zuntz asko duenez, asetasun-sentsazioa ematen du piperrak.

Diuretikoa eta arazgarria

Potasio ugari eta sodio gutxi dutenez, piperrek eragin diuretikoa izaten dute, eta horrek lagundu egiten du organismoaren gehiegizko likidoak kanporatzen. Onuragarriak dira hipertentsioa, hiperurizemia eta hezueria, giltzurrunetako kalkuluak, likidoen erretentzioa eta oliguria izanez gero. Gernu-ekoizpena handitzean, likidoez gain, bertan disolbatutako hondakin-substantziak ere ezabatzen dira, hala nola azido urikoa, urea eta abar. Mahaspasen barietate askok duten zapore bizia dela eta, kontsumitzeko unean ez da ia gatzik erantsi behar izaten, eta ezaugarri hori balia dezakete hipertentsioa, giltzurrunetako patologiak edo bihotz-hodietakoak nozitzen dituztenek, dieta hiposodikoa egin behar izaten baitute.

Digerigarritasuna

Urdail delikatua duten pertsonentzat elikagai bikaintzat jo daiteke piper gozoa. Minak, aldiz, narritagarriak izan daitezke, eta oso laxanteak, gainera, beherakoa izateko joera dutenentzat.

Piperrek duten zapore mina kapsaizina-edukiaren araberakoa izaten da; kapsaizina digestio-aparatuko mukosak narritatzen dituen substantzia da, eta urdaileko zuku gehiago jariatzea eragiten du. Hala ere, zenbait ikertzailek diote piper minak edo piperminak jateak urdaila babesten duela, urdailak muki gehiago sortzen dituelako.

Zaila da piperrak digestioa egitea, batez ere frijituta daudenean, olio asko xurgatzen baitute.

Emakume haurdunak eta haurrak

Haurdunaldian, piperrak gomendagarriak dira emakumearen dietan, folato-edukiari esker. Bitamina hori garrantzitsua da fetuaren hodi neuralaren garapen egokia zaintzeko, batez ere haurdunaldiko lehen asteetan. Bitamina horren gabeziak haurrarengan zenbait gaixotasun eragin ditzake, hala nola arantza bifidoa edo anentzefalia. Hazten ari diren haurrek ere folato gehiago behar izaten dituzte. Hori dela eta, ohiko elikaduran sartzea oso egokia da gabeziei aurrea hartzeko. Entsaladan gordinik jaten badira, bitaminaren edukia handiagoa da, beroarekiko sentikorra delako eta egosita asko galtzen delako.

Gaixotasunen prebentzioa

Piperrak selenioaren eta C eta E bitaminen, A probitamina eta kapsantina bezalako beste karotenoide batzuen iturri onak dira, guztiak ere eragin antioxidatzailea dutenak eta organismoarentzat onuragarriak.

Antioxidatzaileek erradikal askeen eragin kaltegarria blokeatzen dute. Oxigenoa dagoenean arnastea funtsezkoa da gure organismoko zelulen bizitzan, baina horren ondorioz molekula batzuk sortzen dira, erradikal askeak, eta bizitzan zehar osasunerako ondorio negatiboak eragiten dituzte, DNA (geneak), proteinak eta lipidoak edo gantzak aldatzeko duten gaitasunaren bidez.

Erradikal askeen ekoizpena areagotzen duten egoerak daude, besteak beste, ariketa fisiko bizia, ingurumen kutsadura, tabakismoa, infekzioak, estresa, gantz ugariko dietak eta eguzkitan denbora gehiegi egotea.

Antioxidatzaileen eta gaixotasun kardiobaskularren prebentzioaren arteko erlazioa ondo finkatutako baieztapena da egun. Jakina denez, "kolesterol txarra" (LDL-c) deritzonaren aldaketak funtsezko eginkizuna betetzen du aterosklerosiaren hasieran eta garapenean. Antioxidatzaileek kolesterol txarra aldatzen duten erradikal askeak blokeatzen dituzte, eta, ondorioz, arrisku kardiobaskular eta zerebrobaskularra murrizten laguntzen dute. Bestalde, antioxidatzaile gutxi edukitzea arriskutsua da minbizi mota batzuentzat eta endekapenezko gaixotasunentzat.

Heste-funtzioa erregulatzen du

Zuntz asko duenez, ezaugarri libragarriak ditu. Zuntzak idorreria prebenitzen edo hobetzen du, odoleko kolesterol-tasak murrizten laguntzen du eta gluzemia ondo kontrolatzen laguntzen du diabetesa duten pertsonen artean. Zuntzak traktu gastrointestinalarekin lotutako gaixotasunak murrizten laguntzen du, besteak beste, heste lodiko minbizia.