Verduras y hortalizas de la A a la Z:
Erremolatxa

Calendario de temporada
Osasunari dagokionez
Gehiegizko pisua
Erremolatxa, balio kaloriko apalekoa izaki, entsaladetako edo berduretako osagai gisa kontsumi daiteke, eta pisua kontrolatzeko dietetan ere erabil daiteke, nahiz eta kontuan hartu behar diren anoa eta ongailua. Gainera, zuntz asko duenez, asetasun-sentsazio ona ematen du, eta horrek mugatu egiten du elikagai kalorikoagoen kontsumoa.
Emakume haurdunak eta haurrak
Erremolatxa egokia da haurdunaren dietan, folato asko dituelako. Bitamina hori garrantzitsua da fetuaren hodi neuralaren garapen egokia bermatzeko, batez ere haurdunaldiko lehen asteetan. Haren eskasiak hainbat gaixotasun eragiten dizkio haurrari, hala nola bizkarrezur bifidoa edo anentzefalia. Folato-eskakizunak handiagoak dira haurretan ere. Hori dela eta, ohiko elikaduran sartzea oso baliagarria da gabeziei aurrea hartzeko.
Gaixotasunen prebentzioa
Erremolatxak antozianina izeneko pigmentuak ditu, eragin antioxidatzailea dutenak eta bere kolore bereizgarria ematen diotenak. Antioxidatzaileek erradikal askeen eragin kaltegarria blokeatzen dute.
Oxigenoa dagoenean arnastea funtsezkoa da gure organismoko zelulen bizitzan, baina horren ondorioz molekula batzuk sortzen dira, erradikal askeak, eta bizitzan zehar osasunerako ondorio negatiboak eragiten dituzte, DNA (geneak), proteinak eta lipidoak edo gantzak aldatzeko duten gaitasunaren bidez.
Erradikal askeen ekoizpena areagotzen duten egoerak daude, besteak beste, ariketa fisiko bizia, ingurumen kutsadura, tabakismoa, infekzioak, estresa, gantz ugariko dietak eta eguzkitan denbora gehiegi egotea.
Antioxidatzaileen eta gaixotasun kardiobaskularren prebentzioaren arteko erlazioa ondo finkatutako baieztapena da egun. Jakina denez, "kolesterol txarra" (LDL-c) deritzonaren aldaketak funtsezko eginkizuna betetzen du aterosklerosiaren hasieran eta garapenean. Antioxidatzaileek kolesterol txarra aldatzen duten erradikal askeak blokeatzen dituzte, eta, ondorioz, arrisku kardiobaskular eta zerebrobaskularra murrizten laguntzen dute. Bestalde, antioxidatzaile gutxi edukitzea arriskutsua da minbizi mota batzuentzat eta endekapenezko gaixotasunentzat.
Tiroide-guruinaren alterazioak
Bozioaren garapena tiroide-guruinaren hazkuntzarekin lotzen da, eta horrek metabolismoaren erregulazioan parte hartzen du.
Gaixotasun honen agerpena iodo oso gutxi edo batere ez kontsumitzearekin lotuta dago.
Iodo urriko dietak ohikoagoak dira herrialde garatuetan.
Hutsune hori gatz iododunaren erabilerarekin desager daiteke, baina badira mineral hori ematen duten elikagaiak ere, erremolatxaren kasua, baratxuriarekin eta zerbarekin batera, iodo gehien duen barazkia baita.
Giltzurrun-kalkuluak eta likido-erretentzioa
Erremolatxa aberatsa da azido oxaliko izeneko azido organiko motan. Espinakek eta zerbek ere ugari izaten dute konposatu hori, eta, kaltzioa eta burdina bezalako mineralekin konplexu disolbaezinak sor ditzake hesteetan, eta, ondorioz, ezin da asimilatu.
Pertsona batzuek "kaltzio oxalato"aren giltzurrunean harriak osatzeko joera dute, eta horregatik mugatu behar da beren elikadurako erremolatxaren kontsumoa.
Bestetik, potasio ugari eta sodio gutxiago dutenez, organismoan dauden gehiegizko likidoak kanporatzen laguntzen duen ekintza diuretikoa dute.
Onuragarriak dira hipertentsioa, hiperurizemia eta hezueria izanez gero, giltzurrunetako kalkuluak izanez gero (kaltzio oxalatoa izan ezik), likidoak atxikiz gero eta oliguria izanez gero. Gernu-ekoizpena handitzean, likidoez gain, bertan disolbatutako hondakin-substantziak ere ezabatzen dira, hala nola azido urikoa, urea eta abar.
