Skip to main content
01

Verduras y hortalizas de la A a la Z:

Erremolatxa

Remolacha :: Bitxikeriak eta nola prestatu

Bitxikeriak eta nola prestatu

Bitxikeriak

Erremolatxatik sustrai horretan dagoen pigmentu naturala erauzten da, eta horrek ematen dio kolore gorri bereizgarria. Nekazaritzako elikagaien industrian erabiltzen da pigmentu hori, erremolatxa-gorria izeneko koloratzailea lortzeko. Koloratzaile hau zenbait produkturi kolorea emateko erabiltzen da, hala nola zopak, likoreak, izozkiak, etab.

Substantzia horren ondorioz, pertsona batzuengan gernuak eta gorozkiek kolore gorrixka hartzen dute erremolatxa jan ondoren. Pigmentu hori hestean metabolizatzen duen entzimarik ez dutelako gertatzen da hori, eta, beraz, gernuarekin eta gorozkiekin batera, bere horretan kanporatzen da.

Nola prestatu

Erremolatxa gordinik, egosita edo kontserban jan daitekeen ortuaria da.

Entsaladetan erabiltzen da batez ere, baina bakarrik ere har daiteke, baratxuriekin edo tipularekin, eta olio, gatz eta ozpin pixka batekin onduta.

Gordinik jateko, olio eta limoi pixka batekin birrindu eta ondu ohi dira, baina egosi badira, digerigarriagoak dira. Egosteko, ur gazi irakinetan sartzea komeni da, aurretik zuritu gabe, bestela kolorea eta zaporea galduko bailukete. Gutxienez ordubetez irakin behar dira, duten neurriaren arabera, baina ez bi baino gehiago. Prestatu ondoren, azala erraz ken daiteke, eta barazki plater bat bezala zerbitzatu.

Nahiago izanez gero, errekiak egin daitezke. Horretarako, labean sartu besterik ez da egin behar, eta ez atera samur egon arte. Era horretan prestatuta, erremolatxek ia ukitu gabe mantentzen dituzte beren propietate guztiak.

Erremolatxekin kontserbak egiten dira. Horretarako, ozpina edo azukrea erabili behar da, eta erremolatxei gehitu behar zaie, irakin edo egosi ondoren.

Era berean, erremolatxaren hostoak ere aprobetxa daitezke, espinakak balira bezala egosita eta onduta.