Skip to main content
01

Verduras y hortalizas de la A a la Z:

Porrua

Puerro :: Osasunari dagokionez

Osasunari dagokionez

Gehiegizko pisua

Balio kaloriko txikia dutenez, porruak pisua kontrolatzeko dietetan sar daitezke, betiere prestatzeko modu egokia kontuan hartzen bada (plantxa, labea, olio gutxirekin sueztitzea, mikrouhinak...). Gainera, zuntz asko duenez, porruak asetasun-sentsazioa ematen du, eta horrek mugatu egiten du beste elikagai batzuen kontsumoa.

Gaixotasunen prebentzioa

Eragin antioxidatzailea duten substantzien iturri dira porruak, zehazki sufre-konposatuena. Antioxidatzaileek erradikal askeen eragin kaltegarria blokeatzen dute.

Oxigenoa dagoenean arnastea funtsezkoa da gure organismoko zelulen bizitzan, baina horren ondorioz molekula batzuk sortzen dira, erradikal askeak, eta bizitzan zehar osasunerako ondorio negatiboak eragiten dituzte, DNA (geneak), proteinak eta lipidoak edo gantzak aldatzeko duten gaitasunaren bidez.

Erradikal askeen ekoizpena areagotzen duten egoerak daude, besteak beste, ariketa fisiko bizia, ingurumen kutsadura, tabakismoa, infekzioak, estresa, gantz ugariko dietak eta eguzkitan denbora gehiegi egotea.

Antioxidatzaileen eta gaixotasun kardiobaskularren arteko erlazioa ondo finkatutako baieztapena da gaur egun. Jakina denez, "kolesterol txarra" (LDL-c) deritzonaren aldaketak funtsezko eginkizuna betetzen du aterosklerosiaren hasieran eta garapenean. Antioxidatzaileek kolesterol txarra aldatzen duten erradikal askeak blokeatzen dituzte, eta, ondorioz, arrisku kardiobaskular eta zerebrobaskularra murrizten laguntzen dute. Bestalde, antioxidatzaile gutxi edukitzea arriskutsua da minbizi mota batzuentzat eta endekapenezko gaixotasunentzat.

Emakume haurdunak eta haurrak

Porrua egokia da haurdunaren dietan, folato asko dituelako. Bitamina horrek fetuaren hodi neuralaren garapen egokia bermatzen du, batez ere haurdunaldiko lehen asteetan. Haren eskasiak hainbat gaixotasun eragiten dizkio haurrari, hala nola bizkarrezur bifidoa edo anentzefalia. Folato-eskakizunak handiagoak dira haurretan ere. Hori dela eta, gabeziei aurre hartzeko modu egokia da ohiko dietan sartzea.

Diuretiko eta laxante ahaltsua

Porruak potasio ugari eta sodio gutxi du, eta, beraz, diuretikoa da, eta horrek mesede egiten du hipertentsioan, hiperurizemian, hezuerian, giltzurrunetako kalkuluetan, likidoen erretentzioan eta oligurian. Gernu-ekoizpena handitzean, likidoak kanporatzen dira, azido urikoarekin, urearekin eta abarrekin batera.

Flatulentzia

Porru gehiegi kontsumitzeak flatulentzia eragin dezake, sufre-konposatuen ekarpena dela eta. Hori dela eta, baliteke aerofagia edo dispepsia dutenek ez onartzea, baina norbanakoen tolerantzia baloratu beharko da.

Aperitiboa eta digestio-aparatua

Bere osaeraren parte den olio esentzialari esker, porruak kitzikapen leuna eragiten du guruin gastrointestinaletan, eta horrek digestio-prozesua erraztu eta apetitua estimulatzen du.

Arnas gaixotasunak eta alergiak

Porruan dagoen olio esentzialak arnasbideetan eragiten du eta espektorazioa errazten du, eta hori onuragarria da katarroak eta bronkitisa bezalako arnasketa-gaixotasunetan. Konposatu horrek alergia-erreakzioak eragin diezazkieke zenbait pertsonari, eta, jakina, dietatik kanpo utzi beharko dituzte.