Skip to main content
01

Berdurak eta barazkiak A-tik Z-ra:

Lekak

Judias verdes :: Osasunari dagokionez

Osasunari dagokionez

Gehiegizko pisua

Lekak elikagai egokiak dira pisua kontrolatzeko dietetan sartzeko, kaloria gutxi dutelako, gantz gutxi eta zuntz ugariko elikagaiak direlako.

Gaixotasunen prebentzioa

Lekek izaten duten zuntz disolbagarriak lagundu egiten du odoleko kolesterol-maila jaisten. Hori dela eta, hiperkolesterolemia arazoak dituztenentzat da egokia.

Lekek C bitamina, beta-karotenoa eta eragin antioxidatzailea duten beste konposatu fenoliko batzuk dauzkate, organismoaren osasuna zaintzeko. Antioxidatzaileek erradikal askeen eragin kaltegarria blokeatzen dute. Oxigenoa dagoenean arnastea funtsezkoa da gure organismoko zelulen bizitzan, baina horren ondorioz molekula batzuk sortzen dira, erradikal askeak, eta bizitzan zehar osasunerako ondorio negatiboak eragiten dituzte, DNA (geneak), proteinak eta lipidoak edo gantzak aldatzeko duten gaitasunaren bidez. Erradikal askeen ekoizpena areagotzen duten egoerak daude, besteak beste, ariketa fisiko bizia, ingurumen kutsadura, tabakismoa, infekzioak, estresa, gantz ugariko dietak eta eguzkitan denbora gehiegi egotea.

Antioxidatzaileen eta gaixotasun kardiobaskularren prebentzioaren arteko erlazioa ondo finkatutako baieztapena da egun. Jakina denez, "kolesterol txarra" (LDL-c) deritzonaren aldaketak funtsezko eginkizuna betetzen du aterosklerosiaren hasieran eta garapenean. Antioxidatzaileek kolesterol txarra aldarazten duten erradikal askeak blokeatzen dituzte eta, horrela, arrisku kardiobaskular eta zerebrobaskularra murrizten laguntzen dute. Bestalde, antioxidatzaile gutxi edukitzea arriskutsua da minbizi mota batzuentzat eta endekapenezko gaixotasunentzat.

Diuretiko eta arazgarri ahaltsua

Lekek eragin diuretikoak eta arazgarriak dituzte, potasio asko eta sodio gutxi baitute; hori dela eta, organismotik likido gehiegi kanporatzen laguntzen dute. Onuragarriak dira hipertentsioa, hiperurizemia eta hezueria, giltzurrunetako kalkuluak, likidoen erretentzioa eta oliguria izanez gero.

Gernu-ekoizpena handitzean, likidoez gain, bertan disolbatutako hondakin-substantziak ere ezabatzen dira, hala nola azido urikoa, urea eta abar. Gainera, potasio asko dutenez eta arginina aminoazidoa dutenez, barazki horiek onuragarriak dira gernu-bideetako patologien kasuan ere, hala nola zistitisean eta uretritisean, aipatutako litiasiaz edo giltzurrun-kalkuluaz gain.

Emakume haurdunak eta haurrak

Lekak haurdunaldian zehar emakumearen dietan kontuan hartu beharreko elikagaiak dira, duten folato-edukiari esker. Bitamina hori garrantzitsua da fetuaren hodi neuralaren garapen egokia bermatzeko, batez ere haurdunaldiko lehen asteetan. Bitamina horren gabeziak haurrarengan zenbait gaixotasun eragin ditzake, hala nola arantza bifidoa edo anentzefalia.

Folato gehiago behar izaten dute haurrek ere, eta, beraz, gabeziak saihesteko modu egokia da berdura horiek ohiko elikaduran sartzea.

Heste-igarotzea errazten dute

Lekek daukaten zuntzak eragin laxantea du. Zuntz-edukia dela-eta, garbitze-lan mekanikoa egiten du hesteetako paretan, eta, ondorioz, zuntz ugariko dieta batean sartuta, idorreria arindu egiten dute. Gainera, oso elikagai digestiboa dira.

Diabetikoentzat onuragarria da

Lekek zuntz asko izaten dute, eta horrek lagundu egiten du azukreak mantsoago joaten odolera. Frogatuta dago diabetikoentzat edo intsulinarekiko erresistentzia dutenentzat onuragarria dela kromo-gatzak edukitzea. Jakina da kromoa intsulina hormonaren funtzionamenduarekin erlazionatzen dela, eta hormona horrek odoleko azukre-mailak murrizten laguntzen duela. Lekek kromo-kantitate handia dute, milioiko ia parte bat (ppm). Hala ere, azterketa sakonagoak egin behar dira, ziur jakiteko ea leka-zorroko kromo-edukia nahikoa den haren diabetesaren aurkako eragin leuna justifikatzeko.