Skip to main content
01

Verduras y hortalizas de la A a la Z:

Aza edo azaburua

Berza o repollo :: Osasunari dagokionez

Osasunari dagokionez

Gehiegizko pisua

Ur asko daukatenez eta gantzik ia ez dutenez, balio kaloriko apala izaten dute, eta, beraz, elikagai egokiak dira pisua kontrolatzeko dietak egiteko, betiere egoste metodoa eta ongailuak kontuan hartuta.

Gaixotasunen prebentzioa

Azaren familiako barazkiek dute C bitamina eta azido zitriko gehien, eta horrek bitamina horren eragin mesedegarria areagotzen du. Gainera, antioxidatzaile naturalen iturri garrantzitsutzat jotzen dira: antozianinak (aza gorria), beta-karotenoak eta sufre-konposatuak; izan ere, horiek eragiten dute barazki horiek egosten direnean sortzen duten usain berezia. Antioxidatzaileek "erradikal askeak" izenekoen eragin kaltegarria blokeatzen dute. Oxigenoa dagoenean arnastea funtsezkoa da gure organismoko zelulen bizitzan, baina horren ondorioz molekula batzuk sortzen dira, erradikal askeak, eta bizitzan zehar osasunerako ondorio kaltegarriak eragiten dituzte, DNA (geneak), proteinak eta lipidoak edo gantzak aldatzeko duten gaitasunagatik. Gure gorputzean etengabe berritzen diren zelulak daude (azalekoak, hesteetakoak...) eta baita etengabe berritzen ez direnak ere (gibeleko zelulak...). Urteen poderioz, erradikal askeek handitu egiten dute lehenengoen gaineko alterazio genetikoak izateko arriskua, eta horrek minbizia garatzeko bidea eman dezake, edo, bestela, bigarrenen funtzionaltasuna murrizten dute, eta hori zahartze-prozesuaren bereizgarria da.

Erradikal askeen ekoizpena areagotzen duten egoerak daude, besteak beste, ariketa fisiko bizia, ingurumen kutsadura, tabakismoa, infekzioak, estresa, gantz ugariko dietak eta eguzkitan denbora gehiegi egotea. Bestalde, antioxidatzaileen eta gaixotasun kardiobaskularren prebentzioaren arteko erlazioa ondo eutsitako baieztapena da gaur egun. Jakina denez, "kolesterol txarra" (LDL-c) deritzonaren aldaketak funtsezko eginkizuna betetzen du, bai aterosklerosiaren hasieran, bai garapenean. Antioxidatzaileek kolesterol txarra aldatzen duten erradikal askeak blokeatzen dituzte, eta, ondorioz, arrisku kardiobaskular eta zerebrobaskularra murrizten laguntzen dute. Bestetik, antioxidatzaile gutxi edukitzea arriskutsua da minbiziari eta endekapenezko gaixotasunei aurre egiteko.

Tiroide-guruinaren alterazioak

Azek substantzia bozogenoak izaten dituzte, zapore min arina eragiten dutenak eta iodoaren xurgapena eta erabilera blokeatzeko gaitasuna dutenak, eta horrek tiroide-guruinaren jarduera geldiarazten du. Substantzia horiek aza gordina birrintzen edo mastekatzen denean askatzen den entzima baten eraginez sortzen dira. Sukaldatzen denean ez da horrelako efekturik gertatzen. Nahiz eta ez den oso ohikoa azetan dagoen substantzia antitiroideoak bozioa eragitea, zuhurtasun-neurri gisa gomendatzen da hipotiroidismoa dagoenean aza gordina ez kontsumitzea.

Diuretiko eta arazgarri ahaltsua

Azek, potasio ugari eta sodio gutxi daukatenez, organismoan dagoen gehiegizko likidoa kanporatzen laguntzen duen ekintza diuretikoa dute. Onuragarriak dira hipertentsioa, hiperurizemia eta hezueria, giltzurrunetako kalkuluak eta likido-erretentzioa izanez gero. Gernu-ekoizpena handitzean, likidoez gain, bertan disolbatutako hondakin-substantziak (azido urikoa, urea, etab.) ezabatzen dira.

Flatulentzia

Flatulentzia eragiten duten eta digestioa zailtzen duten zuntz eta sufre konposatu kantitate handiak dituzte. Hori dela eta, elikagai horiek ez dira batere egokiak digestio-arazoak dituzten pertsonentzat. Entsaladan hartuz gero edo kuminoz edo mihiluz egosiz gero, ez dira hain haizetsuak. Era berean, lagungarria da kamamila infusio bat hartzea anis berdearekin edo mendafinarekin, postre gisa.

Heste-funtzioa erregulatzen du

Zuntz asko duenez, ezaugarri libragarriak ditu. Zuntzak idorreria prebenitzen edo hobetzen du, odoleko kolesterol-tasak murrizten laguntzen du eta gluzemia ondo kontrolatzen laguntzen du diabetesa duten pertsonen artean. Asetasun-sentsazioa sortzen du, eta horrek mesede egiten die pisua galtzeko dieta egiten dutenei. Azaren zuntz gehiena zelulosa da. Barazki horiek ongi murtxikatu eta entsalbatu behar dira, digestioa hobeki egiteko.

Emakume haurdunak eta haurrak

Emakume haurdunaren dietan kontuan hartu beharreko elikagaia da azaburua, folato asko dituelako. Bitamina hori garrantzitsua da fetuaren hodi neuralaren garapen egokia bermatzeko, batez ere haurdunaldiko lehen asteetan. Bitamina horren gabeziak haurrarengan zenbait gaixotasun eragin ditzake, hala nola arantza bifidoa edo anentzefalia.

Bestalde, aho bidezko antisorgailuek folatoaren erabilgarritasuna murrizten dute, eta, beraz, horiek hartzen dituzten emakumeek bitamina horren ekarpen dietetikoa aztertu behar dute, gabeziak saihesteko. Hazten ari diren haurrek ere folato gehiago behar izaten dituzte. Barazki horiek ohiko elikaduran sartzea urritasunei aurrea hartzeko modu baliagarria da.

Entsaladan gordinik jaten badira, bitamina horren edukia handiagoa da, beroarekiko sentikorra delako eta egosten direnean kopuru handia galtzen delako.

Arnas gaixotasunak

Azek dituzten sufre-konposatuek bakterioen aurkako propietateak, baltsamikoak eta espektoratzaileak eragiten dituzte. Hori dela eta, arnasbideetako gaitzak (katarroak eta bronkitisa, adibidez) dituztenen dietan sar daitezkeen barazkiak dira.