Verduras y hortalizas de la A a la Z:
Arbia

Calendario de temporada
Osasunari dagokionez
Gehiegizko pisua
Balio kaloriko txikia dutenez, arbiak pisua kontrolatzeko dietetan sar daitezke. Gainera, zuntza dutenez, asetasun-sentsazioa ematen dute jan ondoren, eta hobetu egiten dute hesteetako igarotze-prozesua. Frijitzen direnean, ordea, olio asko xurgatzen dutenez, era horretan prestatuz gero, askoz kaloria gehiago izaten dute eta digeritzen zailagoak dira.
Gaixotasunen prebentzioa
Arbiak C bitaminatan eta sufre-konposatuetan aberatsak dira, eta osasunerako onuragarriak diren antioxidatzaile ahaltsutzat jotzen dira. Antioxidatzaileek erradikal libreen eragin kaltegarria blokeatzen dute. Oxigenoa dagoenean arnastea funtsezkoa da gure organismoko zelulen bizitzan, baina horren ondorioz molekula batzuk sortzen dira, erradikal askeak, eta bizitzan zehar osasunerako ondorio negatiboak eragiten dituzte, DNA (geneak), proteinak eta lipidoak edo gantzak aldatzeko duten gaitasunaren bidez. Erradikal askeen ekoizpena areagotzen duten egoerak daude, besteak beste, ariketa fisiko bizia, ingurumen kutsadura, tabakismoa, infekzioak, estresa, gantz ugariko dietak eta eguzkitan denbora gehiegi egotea.
Antioxidatzaileen eta gaixotasun kardiobaskularren prebentzioaren arteko erlazioa ondo finkatutako baieztapena da egun. Jakina denez, "kolesterol txarra" (LDL-c) deritzonaren aldaketak funtsezko eginkizuna betetzen du aterosklerosiaren hasieran eta garapenean.
Antioxidatzaileek kolesterol txarra aldatzen duten erradikal askeak blokeatzen dituzte, eta, ondorioz, arrisku kardiobaskular eta zerebrobaskularra murrizten laguntzen dute. Bestalde, antioxidatzaile gutxi edukitzea arriskutsua da minbizi mota batzuentzat eta endekapenezko gaixotasunentzat.
Emakume haurdunak eta haurrak
Arbia haurdunaldian zehar emakumearen dietan kontuan hartu beharreko elikagaia da, bere folato edukiari esker. Bitamina hori garrantzitsua da fetuaren hodi neuralaren garapen egokia bermatzeko, batez ere haurdunaldiko lehen asteetan. Horren gabeziak etorkizuneko haurrarengan hainbat gaixotasun eragin ditzake, hala nola arantza bifidoa edo anentzefalia.
Folato gehiago behar izaten dute haurrek ere, eta, beraz, barazkiak ohiko elikaduran sartzea modu ona da gabeziei aurrea hartzeko.
Heste-funtzioa erregulatzen du
Zuntz asko duenez, ezaugarri laxanteak ditu. Zuntzak idorreria prebenitzen edo hobetzen du, odoleko kolesterol-tasak murrizten laguntzen du eta gluzemia ondo kontrolatzen laguntzen du diabetesa duten pertsonen artean. Zuntzak traktu gastrointestinalarekin lotutako gaixotasunak izateko arriskua murrizten laguntzen du, besteak beste, heste lodiko minbizia.
Flatulentzia
Arbiek, zuntza ez ezik, flatulentziak sortu eta digestioa eragozten duten sufre-konposatuak ere badituzte. Beraz, komeni da digestio-nahasmenduak dituzten pertsonek sustrai horiek neurriz hartzea.
Tiroide-guruinaren alterazioak
Arbia maiz jateak ez die arazorik eragiten tiroide-guruinaren funtzionamendu normala duten pertsonei. Hala ere, hipotiroidismoa (tiroidearen funtzionamendu urritua) duten pertsonek maiz ez jatea gomendatzen da, arbiek, birrintzen direnean, guruin horretan iodoa xurgatzea eragozten duten substantziak askatzen baitituzte, eta, hala, haien funtzionamendua geldiarazten da.
Giltzurrun-kalkuluak eta likido-erretentzioa
Arbiak azido oxaliko izeneko azido organiko mota batean aberatsak dira. Espinaketan, zerbetan eta erremolatxan ere ugaria da konposatu hori, eta hesteetan konplexu disolbaezinak sor ditzake kaltzioa eta burdina bezalako mineralekin, eta, ondorioz, ezin da asimilatu. Zenbaitek "kaltzio oxalato" izeneko harriak osatzeko joera izaten dute giltzurrunetan, eta horregatik mugatu behar da arbien kontsumoa haien elikaduran.
Bestetik, potasio ugari eta sodio gutxi dutenez, organismoan gehiegizko likidoak kanporatzen laguntzen duen ekintza diuretikoa dute. Onuragarriak dira hipertentsioa, hiperurizemia eta hezueria, giltzurrunetako kalkuluak (kaltzio oxalatoa izan ezik), likidoen erretentzioa eta oliguria izanez gero. Gernu-ekoizpena handitzean, likidoez gain, bertan disolbatutako hondakin-substantziak ere ezabatzen dira, hala nola azido urikoa, urea eta abar.