Skip to main content
01

Verduras y hortalizas de la A a la Z:

Tipula

Cebolla :: Osasunari dagokionez

Osasunari dagokionez

Gehiegizko pisua

Kaloria gutxi dutenez, pisua kontrolatzeko dieta baten parte den edozein plateri laguntzeko erabil daitezke tipulak. Gainera, zuntz asko duenez, tipulak asetasun-sentsazioa ematen du jan ondoren, eta heste-igarotzea hobetzen du.

Arnas arazoak

Tipulak ugari izaten ditu olio esentzialaren osagai diren konposatu sufredun batzuk. Horiek ematen diote zapore min berezia. Olio horrek arnasbideetan eragiten du, espektorazioa hobetzen du, eta hori onuragarria da katarroak eta bronkitisa bezalako arnas gaixotasunak izanez gero. Tipulak beste mota bateko konposatu sufredunak ere baditu, tiosulfinatoak, hain zuzen ere.

Diuretiko eta arazgarri ahaltsua

Tipulak, potasio eta sodio gutxi duenez, lagundu egiten du gehiegizko likidoak kanporatzen. Eragin hori onuragarria da hiperurizemia eta hezueria izanez gero, giltzurrunetako kalkuluak izanez gero eta hipertentsioa, likidoen erretentzioa eta oliguria izanez gero. Gernu-produkzioa handitzean, gernuan disolbatutako likidoak eta hondakin-substantziak (azido urikoa, urea, etab.) kanporatzen dira.

Gaixotasunen prebentzioa

Sufre-konposatuez eta C eta E bitaminez gain, flabonoide ugari dute tipulek, antozianinak eta kerzetina, besteak beste. Osagai horiek guztiak antioxidatzaileak dira. Antozianinak pigmentu naturalak dira, eta tipula-barietate batzuei kolore morea ematen diete. Kerzetina tipula guztietan aurkitzen da oso proportzio handian (300 mg/100 g inguru). Konposatu horrek, gainera, odol-zirkulazioa errazten du.

Antioxidatzaileek "erradikal askeak" izenekoen eragin kaltegarria blokeatzen dute. Oxigenoa dagoenean arnastea funtsezkoa da gure organismoko zelulen bizitzan, baina horren ondorioz molekula batzuk sortzen dira, erradikal askeak, eta bizitzan zehar osasunerako ondorio kaltegarriak eragiten dituzte, DNA (geneak), proteinak eta lipidoak edo gantzak aldatzeko duten gaitasunagatik. Gure gorputzean etengabe berritzen diren zelulak daude (azalekoak, hesteetakoak...) eta beste batzuk ez (gibeleko zelulak... ). Urteen poderioz, erradikal askeek handitu egiten dute lehenengoen gainean alterazio genetikoak gertatzeko arriskua, eta horrek minbizia garatzeko bidea eman dezake, edo bigarrenen funtzionaltasuna murrizten du, zahartze-prozesuaren ezaugarri bereizgarria baita.

Erradikal askeen ekoizpena areagotzen duten egoerak daude, besteak beste, ariketa fisiko bizia, ingurumen kutsadura, tabakismoa, infekzioak, estresa, gantz ugariko dietak eta eguzkitan denbora gehiegi egotea. Bestalde, bihotz-hodietako gaixotasunen prebentzioan antioxidatzaileek duten eragin positiboa oinarri sendoko baieztapena da gaur egun. Jakina denez, "kolesterol txarra" (LDL-c) deritzonaren aldaketak funtsezko eginkizuna betetzen du aterosklerosiaren hasieran eta garapenean. Antioxidatzaileek kolesterol txarra aldatzen duten erradikal askeak blokeatzen dituzte, eta arrisku kardiobaskular eta zerebrobaskularra murrizten laguntzen dute. Bestalde, antioxidatzaile gutxi edukitzea arriskutsua da minbizi mota batzuentzat eta endekapenezko gaixotasunentzat.

Emakume haurdunak eta haurrak

Haurdun dagoen emakumearen elikaduran kontuan hartu beharreko elikagaia da tipula, folato asko dituelako. Bitamina hori garrantzitsua da fetuaren hodi neuralaren garapen egokia bermatzeko, batez ere haurdunaldiko lehen asteetan. Bitamina horren gabeziak haurrarengan zenbait gaixotasun eragin ditzake, hala nola arantza bifidoa edo anentzefalia. Hazten ari diren haurrek ere folato gehiago behar izaten dituzte. Horregatik, ohiko elikaduran tipularen presentzia hutsuneei aurrea hartzeko modu bat da.

Flatulentzia

Tipula gehiegi kontsumitzeak flatulentzia eragin dezake, hau da, hesteetako gasak pilatzea, sufre-konposatuen edukia dela eta. Horregatik, baliteke aerofagia, dispepsia edo digestio zailak dituzten pertsonek ez onartzea. Hala ere, ezin da orokortu, eta banakako tolerantzia baloratu beharko da. Liserigarritasuna aldatu egiten da kuzinatzeko metodoaren arabera: hobekien onartzen den bezala egosia da eta, okerrago bezala, gordin eta frijitua.